XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mota guztietako pedagogia-liburuak aztertuak nituen hasi baino aisa lehenagotik: eta neurea izango nuen ikasgelan, behin baino gehiagotan saiatua nintzen ulertzen neure eskuetara etorriko ziren haur haiek nola moldatuko ote ziren neurekin.

Nik bezala topatu dukezu zeuk ere armairu batetan irakurtzen eta idazten ikasteko hastapenak, urtetik urtera lehenago erabiliak.

Eta ni bezala ere, beharbada, horren seguru ematen zuen erakaspide horren aurrean izuti edo lotsati atxeman dukezu zeure burua.

Eta orduan, ausaz; liburuok zokoan uzten ez zara ausartu, eta haurrei ch eta a, cha irakurtzen direla erakatsi diezu, eta abar... eta piskanaka chaperon azaltzea lortu dukezu, eta gero bide beretik rouge hitza...

Eta horra egia: zimendu gotorrik ez aurki bildurrez, horrelaxe jarraitu dut nik egunero liburuska hura ia lehenengo partearen bukaeraraino.

Aspertu egiten nintzen ni, haurrak ez... lehendabiziko hamar minutuetan.

Orduan urrats handia egitera deliberatu naiz.

Eta dena bidali dut pikutara: bai katoi haiek, bai b+a=ba denak, bai koloreztatzeko tanpoiak oro, eta abar; eta L'Education aldizkariak eten gabe gomendatzen zidana gogotan hartuz, begiratzen hasi naiz.

Orduan mordoka etorri dira haien pasadizu txikiak; eta hauen artean hautatu ditugu, denok batera, idatzi behar zirenak; eta hilero albun bat moldatu dugu.

Ikasleetatik trebeenak idazten zituen eskuz, eta neure burua hobeki senditu nuen.